2016/02/25

Marte (The Martian)

Gaur bideotekan sartuko dan pelikulak 7 Oscar ezbardin lortu daikez, euren artean filmik onenarena.

Marte pelikula, zientzia-fikziozko film ederra da. Istorioak harrapatuko zaitu. Ekaitz baten ondoren, Mark Watney, Estatu Batuetako astronauta bat Marten abandonaturik itziko dabe, hilik dagoala pentsatzen… Baina, Mark ez dago hilik, eta zientzia eta bizitzeko gogoa erabili beharko dauz bizirik ateratzeko.
Pelikula askotan espazio-lehiaketa eta “konkista” agertzen da. Bideotekan Gravity filma be badogu. Batzuen ustez, honetan gastatzen dana larregi da. Aurten, esate baterako, NASA-k 18.500 milioi $ honetan gastatuko dau. Halako dirutza gastatzea, justifikatuta egon daiteke? Zertarako bilatu bizitza handik, ez badogu hemengoa zaintzen?
Dana dala, unibertsoaren handitasunak gure ziurtasunak behin eta barriz kolokan ipinten dauz. Nondik gatoz? Nora goaz? Zer egoan Big bang baino lehen?...
Batzuetan binomio batzuk aurkari aurkezten deuskue:  zientzia ala erlijioa; teknologia ala humanitateak.

Egia esanda, nire ustez, zientzia eta erlijioa, teknologia eta humanitateak ez dira bateraezinak, osagarriak baino.
 
Ez dakit zergaitik, baina batzuk eliza Big Bang-en teoriaren aurka dagoala pentsatzen dabe. Guztiz kontrakoa izan danean, Big Bang-en teoria Georges Lemaître deitutako abade batek proposatu eban !! Artikulu interesgarri honetan: Un cura dio la “más bella explicación de la Creación”, según Einstein” Big Bang-en teoriaren historia kontatzen da. Hantxe bertan azaltzen danez, garai horretako Aita Santuak Big Bang-en teoria “dogma” bihurtu gura eban, baina Lemaitrek hori ez egitea aholkatu eutson. Zientziak bere bide propioa eduki behar daualakoan. Garai horretan “fededunek” unibertsoak sorrera ebala defendatzen eben; “ez fededunek” unibertsoa betidanik existitu zala mantentzen eben bitartean.
Duda barik, zientzialariak pertsonak dira, eta bakoitzak gura dauan sinesmena eukiko dau. Han doguz muturreko adibide bi: Alde batetik, Yuri Gagarinek “zeruan jainkorik ez egoala” esan ebala kontatzen da, gezurra izan arren. Beste alde batetik, ilargian jan eta edan ziran lehenengo “gauzak” Kristoren gorputza eta odola izan ziranak baieztatzen da. Dirudienez astronauta gehienak sinestunak dira… baina ezin dabe adierazi. Batek daki.


Amaitu baino lehen, eta barkatu gaur be izugarrizko txapa botatzeagaitik. Batzuek Marten bizitza topatuz gero, elizak bere doktrina aldatu beharko daula dinoe… Kar, kar, kar… Azkeneko Aita Santu biek Eliza alienigenak bataiatzeko prest dagoala argi esan dabe (Estralurtarrek hori eskatzen badabe, jakina !!)... Azkenean, Katoliko berbak hori esan gura dau: Unibertsala (Arraza, hizkuntza, nazio, baita unibertsoko adimendun espezie guztientzat).


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina